XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
Oraindik belarrietan ditut Karmelerekin eduki nuen azkeneko elkarrizketako ohiartzunak.
Garbi utzi zidan ez ninduela behartuko sasikumeen joko iguingarri hura uztera, baina ezin edukiko nituela bi gauzak aldi berean.
Musu heze batekin agurtu ninduen, begietan malkoei ezin eutsiz eta irriño ahul bat ezpainetan zuela.
Hortzetan aparatua jarri didate, estalkia kendu, bizkarreko pare bat, ... eta lehiaren erdi-erdian nago.
Argi indartsuek begiak itsutzen dizkidate, astuna sentitzen naiz, zaharra.
Argi-izpi indartsu hauen artetik nekez ikus dezaket aurrean dudan arerio gaztea, ilusioz beteriko begi diztiratsu batzuk nabari ditzaket; nola esan gaur gauean, bat-batean, bere bukaera iritsi daitekeela?
Ez, ez da bidezkoa, aurrean dudan larrosa heldugabe hau, hazteko gogorik ez duen kalabaza lehor batek zapaltzea, arantzak moztea, sustraiak ebakitzea.
Orain ulertzen dut dena, zurrunbiloa bukatu da, ni ez naiz unibertsoaren gunea, iritsi da ni ez naizen beste norbaitengan pentsatzeko garaia.
Nire bizi guztian neure buruarengan bakarrik pentsatu dut, nire arrakastan, nire aberastasunean, nire ohorean... benetan garrantzitsua den guztia alde batera utzita, maitasuna, lagunak,... neuk bihurtu dut nire bizitza mugarik gabeko ekaitz.
Baina jadanik bukatu da zurrunbiloa, aurkitu diot bizitzari zentzua, larrosa gazte honi ez dizkiot arantzak moztuko, utzi egingo diot, utzi kolpatzen, utzi zapaltzen, utzi gainditzen.
Inork ez du ulertzen zer ari den gertatzen, lehia hau erreza baitzen niretzat.
Apustu guztiak nire alde zeuden,(...)